2017/04/24

2017-04-24 LIBURU IBILTARIA (BookCrossing)

IGEk, ikastolarekin elkarlanean, abian jarri nahi du proiektu berri bat gure seme-alaben irakurzaletasuna piztu edo indartzeko. Horretarako, pentsatu dugu egokia izan litekeela “BookCrossing” [liburu gurutzaketa] moduko bat antolatzea; BookCrossingean liburuak toki publikoetan uzten dira, beste norbaitek hartu, irakurri, eta amaitutakoan beste nonbait utz dezan, kate bat sortuta. Horrela, liburuak libre bidaiatzen du irakurle batetik bestera.

Nola ekarriko dugu ideia hori gurera? Abiapuntua izango da gurasoek bildutako liburu bilduma bat osatzea: gurasoek erabaki behar dute zein liburu izan litezkeen interesgarriak beste batzuek erabil ditzaten, zein libururik gabe geratuko diren gure proiektu honetan laguntzeko (liburuak diogu, baina berdin-berdin izan daitezke haurrentzako eta gazteentzako aldizkariak, komikiak...). Kontuan hartu liburuak ez dituzuela maileguan utziko: DOHAINTZAN emango dituzue.

Liburuak ikastolako idazkaritzara ekarri behar dituzue. Epea zabalik dago jadanik, eta maiatzaren 5ean amaituko da (ostirala); bitarte horretan jasotzen ditugun aleekin osatuko dugu proiektua abian jartzeko lehen liburu funtsa. Jakina, epea amaitu eta gero ere jarraituko dugu liburuak biltzen, apurka-apurka gure gordailua aberasten joan dadin.

Irakurgaiek 5 eta 16 urte bitarteko ikasleentzako gomendagarriak izan behar dute, eta ikastolan irakasten ditugun lau hizkuntzetako edozeinetan egon daitezke idatzita: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez zein frantsesez.

Proiektuan, uste izan dugu trukatze eremua ikastolara murriztea: ez dugu libururik utziko ikastolatik kanpo. Beraz, eraikineko hiru solairuetan –ahal dela, jende ugari dabilen toki estrategikoetan–, altzari edo apalategi bana prestatuko dugu beren-beregi liburuak jartzeko, adin tarteetan sailkatuta.

Esan bezala, gure seme-alaben irakurzaletasuna piztu edo indartzea da helburua. Beraz, liburu bat hartu, ikastolan bertan edo etxean irakurri, eta, behin amaituta, hartu duen tokira bueltatu behar du ikasleak. Betebehar bakarra da izena jartzea liburu bakoitzaren azal hegalean horretarako propio jarriko dugun fitxa batean. Horrela jakingo dugu liburu bakoitza zenbat bider irakurri eta askatu den, bai eta adin tarte akoitzean zein liburu hartu dituzten gehien ere. Horrekin ez dugu inola ere kontrolatu nahi nork zer irakurtzen duen, baizik eta arlo honetan gure seme-alaben gustuak zein diren, ez besterik.

Astean behin, proiektuaren arduradunetako batek, ikastolara joanda, kontrolatuko du nola dagoen materiala. Libururen batek bere bidea galduko balu (desagertuko balitz), beste liburu bat jarriko genuke haren ordez, ikastolako ganbera batean biltegiratuko dugun gordailutik aterata.

Jaso eta bueltatzeko tokietan, proiektuaren araubidea jarriko dugu ikusgai, kartel batean. Jarraibide nagusi hauek izango dira:
 Zaindu materiala zurea balitz bezala.
 Behin amaituta, bueltatu liburua hartu duzun tokira.
 Eta, beste ezeren gainetik, gozatu ahalik eta gehien irakurtzen!

Irakurtzea guztiz ohitura osasuntsua da. Beraz, gure seme-alaben onurako izango delako segurantzan, hartu ezazue parte proiektu honetan!

iruzkinik ez: